2009/06/09

Zer ote zen indarkeria?

Agian, kode penalak ondo tipifikatua izango du. Bultza egiteagatik, sei aste eta egun bat -amildegi baten aurrean izan bada, bider hamaika egin-. Ukabilez muturreko bat emategatik, lau hilabete. Muturrez emandako muturrekoa bada, bi arrasgorri. Ostikoka erasotzeagatik, area barruan, penaltia, eta kantxaz kanpo, bost urte jokatu gabe. Egongo dira nonbaiten idatzita halako baliokidetasunak. Erraza da agerikoa ikustea. Zaplastekoak ikusgai dira, eta zenbaitetan ikusgarriak. Baina zaplastekoa zergatik eman den aztertzen badugu, erantzuna ez da ageriko erasoaren irudia bezain sinplea izango. Seguru.

Gizarteak sistema bat aukeratzen du bizikidetza antolatzeko. Muga fisikoak adosten dira. Demagun: Zorolandia edo Zuhurlandia. Sistema politikoa ere bai. Demagun: Monarkia-demokratiko-alderdi-bikoa edo diktadura-iraultzaile-alderdi-bakarra. Eta sistema politiko horri atxikita sistema ekonomikoa. Demagun: liberalismo-basatia edo komunismo-pribatua. Bizikidetza antolakuntzaren oinarriak ipinita, antolakuntza horren iraupena bermatuko duen araudia idazten da: legea. Ederki, badugu sistema bat eta sistema horretan nola jokatu behar den adierazten digun araudia. Baina zer gertatzen da sistema horretan kaltetuak izan direnekin? Hau da, zorolandiar edo zuhurlandiar sentitzen ez direnekin? Monarkia edo diktadura nahi ez dutenekin? Edota, langabezian edo pobrezian, baliabide ekonomikorik gabe gelditu direnekin? Sistema barrutik egoera aldatzeko aukerak dituzte, ala beti izango dira zanpatuak edota baztertuak? Sistema ez al zaigu bihurtu gutxiengo kaltetu horiek kontrolatzeko tresna hutsa? Ez al zuen izan behar norbanakoaren askatasuna bermatuko zuen esparru bat? Sistema bera ez al da baztertuak izan diren horiekiko indarkeria modu etengabe bat, baita demokrazia santuan ere? Baliteke. Zantzu mordoxka badago. Gehiengoak egiten du aukera. Baina gehiengoa zer den edo nortzuk diren ere manipula daiteke, eta manipulatzen da. Gehiengoa nortzuk osa dezaketen bozka-zenbatzaileak agintzen du. Ala denok egin dezakegu bozka? Ala aukera guztiengatik egin daiteke bozka? Trebiñotarren gehiengoak, adibidez, arabarra izan nahi du eta anexioaren alde dago. Ez, ordea, Burgoseko gehiengoa. Baina, askatasun faltsu batez mozorroturik, ondo baino hobeto saldu digute sistema. Zoaz bozkatzera eta zure askatasuna erabil ezazu noizean behin; horren truke, betiko oligarkia boterezaleak sudurraren puntan ipintzen zaiona egingo du. Baina ez kontuak eskatu, gero, zuk zeuk aukeratuak izan baitira! Barrez lehertzekoa, ezta? Edo ez?… Hala ere, ganbara pitzatu baino lehen, natorren atal honen harira.


IRITZIGILE PROFESIONALAK. SEGURTASUN INDAR PARALELOAK
Sistemaren iraupena bermatzeko, bere araudia betearazteko, segurtasun indarrak daude: polizia eta armada. Indarkeriaz aritzen direnak, jakina. Baina gaur egun, askatasun mozorroari eutsi nahian, komunikabideetako mezuaren kontrola erabiltzen da sistemaren iraupena bermatzeko. Modu sotilagoa eta eraginkorragoa. Telebista, egunkari eta irrati asko enpresa handi, banku eta alderdi politikoen zerbitzura ari dira; eta komunikabide horien lehen lerroan, esatari, zutabegile eta kalakari mertzenario sorta amaigabea.

ANUBIS 3.0, 22. orrialdea (Xabiroi 16.zenbakia).

Bazterrak nahasten trebeak, eta nagusiaren eskua miazkatzen are trebeagoak. Euren iritzia diru truke saltzen dutenak eta ezberdinaren aurkako mezu bortitza zabaltzen dutenak. Harroputzak, demagogikoak, dogmatikoak. Soldatapeko iritzi emaileak. Euren parean dagoena entzun nahi ez eta euren hitzaldi erraza behin eta berriz errepikatzen dutenak. Denak dira eztabaidak: zuk ez, nik bai. Solasaldi gutxi, elkarrizketarik ez. Gorrotoa ereiten han eta hemen dabiltza, euren tronu segurutik. Ez al daude askotan zaplastekoa ematen duen eskuaren atzean? Hori bai, atxilotuak beti zaplasteko jotzaileak.

ANUBIS 3.0, 23. orrialdea (Xabiroi 16.zenbakia).

Baina ez gaizki ulertu, ez nator kode penalaren hedatzea eskatzera. Ez ditut espetxeak esatariz edo kalakariz bete nahi – a ze pakea emango zuten, ezta?-. Ez dut, sikiera, presondegi-sisteman sinisten. Ez. Begirada zuzentzearekin konformatuko naiz. Gure begirada, gizarte tronpatuaren begirada, zaplastekoa jo duenarengana zuzentzeaz gain, zaplasteko horri arnas eman dion dogmazalearengana ere zuzentzea. Ardura senti dezan, amiñi bat, bederen.

ANUBIS 3.0, 24. orrialdea (Xabiroi 16.zenbakia).

Kalakari salduak. Batzuk besteak baino zimarkunagoak, batzuk besteak baino salduagoak. Denak guztiologoak. Gorrotogileak. Beti boterearen alde, beti ahularen aurka.

ANUBIS 3.0, 25. orrialdea (Xabiroi 16.zenbakia).

Sem comentários: