2010/10/29

Zer egiten du Giza Baliabideen Zuzendariak?


Ez dakit izena ongi ipinita dagoen. Hitzek, askotan, ez dute euren esanahiarekin zerikusi argirik. Linguistikan hizkuntzaren arbitrariotasuna esaten zaio. Zergatik deitu legatz bost kiloko zilarrezko arrain luze eta goxoari? eta ez, adibidez, kalbats, edo berenta? Dena den, edozertara ohitzeko gaitasuna dugu gizakiok berezkoetan berezkoena, eta ohituta gaude jada hitzak eta esanahaiak lotzen. Horregatik, legatz hitza entzun eta berehala irudikatzen dugu zilarrezko arrain luze eta goxoa. Alabaina, zer irudikatzen dugu Giza Baliabideen Zuzendaria hitzak entzuterakoan? eta, askoz gehiago kezkatzen nauena, zer irudikatzen du zuzendari horrek giza baliabide hitzak entzuterakoan? Galderak, beti galderak…
Enpresa administrazioaren zientziak dioenez, erakunde baten langile eta kolaboratzaile guztien lan ekarpenak osatzen ditu erakunde horren giza baliabideak. Orokorregia. Honek ez dit asetu terminoa zehazteko dudan gogoa. Hil honen hasieran, Ignasi Ferrerrek, Giza Baliabideen departamentuari buruz Bartzelonan egin zen jardunaldian, zera esan zuen: ‘Giza Baliabideen taldea konpainiaren negozio estrategiarekin bat etorri behar da’ –um, ez dakit… Eta zein dira konpainiaren negozio estrategiak? Hor dago koska-. ‘Pertsona bakoitzaren giza garapena lortu behar da eta bere profil profesionala garatu, talde lana egiten ikas dezaten’ –hitz ederrak! Ados, ados-. ‘Giza Baliabideen departamentuak enpresaren balio eta mezuak era egokian helarazi behar dizkio erakundearen estamentu bakoitzari’ –ufa! Hemen, apur bat galdu egin naiz-.
ANUBIS 3.0, 36. orrialdea (Xabiroi 20. zenbakia)

Ez dira txantxetako kontuak Ferrer jaunak bota zituenak: pertsonaren giza garapena lortu, langile profila garatu, talde lana eragin… Hasi gara kontzeptua mugatzen. Lan ederra benetan Ignasirena -zilegi bekit konfiantza- langileak halako gai garrantzitsuetan laguntzea. Baina, badaezpada, ez zaitezte hasi pozaren pozez zintzarria jotzen. Izan ere, Ignasi Ferrer The Eat Out Group konpainiaren zuzendari nagusia da. Konpainia hori Pans & Company, Bocatta, Ribs, Fresc Co, Pollo Campero, ADK, Krunch eta Dehesa Santa Maria fast food-eko frankizien jabea da. Bai, ez izan gaiztoak, ez zaitezte barrez hasi. Gainera, Burger King estatubatuarrarekin akordioa egin zuen iaz haren frankiziak estatu espaniarrean kudeatzeko. Kontxo! Zer esan dut! Ez zaiteztela barrez hasi!
Ez, ez dut uste konpainia horrek langilearen giza garapenaren alde ezer egiten duenik. Bestela, zergatik ez dira gazteak besterik ikusten haren jatetxeetan zerbitzatzen? Pertsonaren giza garapena bultzatzen duen enpresa horretan luze jarraitzeko asmorik ez al dute? Pans & Company, The Eat Out Gruop-en aitzindaria, 1991ean sortu zen. Ezagutzen al du inork 18 urtez bertan lan egin duenik? Jakingurak erretzen bazaituzte begiratu facebook-eko orri hau: Trabajo o he trabajado en Pans & Company; polita da ikustea zein ondo ‘garatu’ zaizkien langileak. 2007an, Valladolideko CNTk bertako Pans & Companyren ‘lan-politika diruzale eta zekena’ salatu zuten, langile bati bi hileko lansaria ez ordaintzeagatik, eta kitapenaren zati handi bat ez emateagatik. Aurten ere CCOOk Oviedoko Bocattaren frankizia salatu zuen, lau hilabetez langileen sodatak ez zituelako ordaindu. Konpainiaren negozio estrategia zein den ohartzen hasi naiz.
ANUBIS 3.0, 36. orrialdea (Xabiroi 20. zenbakia)

LEHEN GALDERA
Dena den, giza baliabideen definizio zehatz bat eman gabe jarraitzen dugu -susmatzen ari naiz azkenean eman gabe geldituko naizela-. Zer zuzenduko ote du, bada, zuzendariak? Ignasi Ferrerren hitzak hartu aurretik jardunaldi hartan egon ziren beste batzuenak ere irakurri ditut: ‘ezin dugu mantendu distantzia enpresetan gertatzen dena eta pertsonek gizartean bizi dutenaren artean’, ‘arkitekto sozialak izan behar gara’, ‘langileen garapen profesionala sustatu behar dugu… ezagueren transferentzia, trebetasunen hobekuntza’, ‘pertsonen talentua kudeatu’. Hitz ederrak dira, langilea lantokian ongi egokitzen eta bere proiektu pertsonalak aurrera eramaten lagunduko dioten ekimenak dira. Giza baliabideen zuzendaria horren guztiaren arduradun bada, bejondeizula, zuzendari!
ANUBIS 3.0, 37. orrialdea (Xabiroi 20. zenbakia)

Baina enpresaren irabaziak handitzeko giza baliabideen departamentua langileen lansariak murrizten aritzen bada, behin-behineko kontratu mota guztiak agortzen aritzen bada, behin eta berriz langilea kaleratua izango dela mehatxatzen aritzen bada, sistematikoki langileak lantokiz aldatzen aritzen bada, zer irudi etorriko zaigu giza baliabideen zuzendaria hitzak entzuterakoan? Hori ez da enpresaren estrategiak langileei transmititzea, hori langileak enpresaren estrategien mende jartzea da. Azkenean, berriz itzuli gara hitzaren eta esanahiaren arteko ezberdintasunera. Baliabide: ‘erakundeak bere helburuak erdiesteko erabil dezakeen bitartekoa’ (Enpresa kudeaketa aurreratua hiztegia, Elhuyar). Hemen duda gutxi, baina definizio horren arabera berdin-berdin izan daiteke baliabide langile bat zein mahai gaineko txorroskiloa. Ez digu asko argitu. Agian, aurreko hitzan dago koska: Giza. Bai, azken batean, gizakiarekiko dugun usteak baldintzatuko du departamentu bedeinkatu horren lana. Batzuk legatz hitza entzun eta ez omen dute zilarrezko arrain luze eta goxoa ikusten. Beraz, zuzendari jauna, hau da erantzun behar duzun lehen galdera: zer uste duzu dela gizaki bat?
Bere lankideak txorroskiloak balira hartu, erabili eta bota daitezkeela iritzi duen horrek zer uste duen ongi dakigu. Orduan bai, esan dezaket, giza baliabideen zuzendaria hitzak entzutean zazpi buztandun deabrua imajinatzen dut infernuaren zuloko azken ataria zaintzen. Ze pena. Benetan diot ez nuela hori imajinatu nahi.

Sem comentários: