2008/02/12

Publizitatea eta manipulazioa

Telebistaren aurrean iragarkiak ikusten ditudan bakoitzean ezin dut saihestu sentsazio berbera behin eta berriz: etengabeko gezur lukainka baten aurrean nago, txerriki sintetiko fabrika batean bisitan egongo bainintzan. Gezurrak xingarrarekin, gezur iberikoa, Baionako gezurra. Ze pena! zenbat talentu alferrik galduta! Egundoko sortze-lanak anorexikoentzako prakak eta lurrin garestiak saltzeko. Dena balekoa den mundu horretan gisa askotako balentriak ikusi izan ditut azkenaldi honetan. Bereziki mingarria niretzat, adibidez, Julio Cortázarren testu zoragarri bat (Preámbulo a las instrucciones para dar cuerda al reloj) auto bat erosarazteko erabili zutenekoa. Julio maiteak bere begi okerrak berriz irekiko balitu, bihotza alderik alde erdibituko zitzaion, ulertu ezak atsekabetuta. Ikusiko al dugu inoiz Martin Luther King Klu Klux Klaneko txanoak saltzen?

ANUBIS 3.0, 10. orrialdea (Xabiroi 11.zenbakia). Erdiko irudia, Asiskorena. Esker anitz!

Erosi auto katxarroa eta, guapoa eta gaztea izateaz gain, txalet polit batean biziko zara bi zakur eta hiru seme-alaba rubioekin. Jan makarroiak eta, guapoa eta gaztea izateaz gain, txalet polit batean biziko zara bi katu eta hiru seme-alaba rubioekin. Eredua berbera da. Marketineko adituek asmatua. Zoriona neurriz kanpoko kontsumoaren bidez lortzen den gizartearen eredua, eta, bestalde, planetak inola ere ezin eutsiko dion eredua. Eta idazten duen honen ustez, behintzat, norberaren ongizatetik zeharo aldentzen gaituen eredua.

ANUBIS 3.0, 11. orrialdea (Xabiroi 11.zenbakia).

Publizitatea, prefosta, beste zerbait izan daiteke. Nostalgiaz gogoratzen dut Manuel Luque, CAMP enpresaren zuzendari ohia. Bere bulegoan agertzen zen Colon garbigarria sustatzen: gure produktua oso ona da, harro gaude, eta nire konpromisoa gero eta produktu hobea eskaintzea da. Bilatu, konparatu eta hoberik aurkitzen baduzu, erosi!

Sem comentários: