2009/10/30

Bedford Falls-eko bankuak


Erraza da oso banku eta bankariez gaizki esaka aritzea. Futboleko arbitroak, enpresako nagusia eta Massiel bezala, gure bala dialektikoen biktima errazak izan ohi dira. Gainera, bankuek urteko irabaziak ezagutzera ematen dituztenean edo, adibidez, Jose Ignacio Goirigolzarri, BBVAko kontselari-ordezkariaren pentsio galaktikoaren berri jakinda, irainka hasteko gogoa baretu ordez, are gehiago pizten zaigu, ezta? Nola ez! Baina bankuez idazten hasi behar nuenean Frank Capraren It’s a Wonderful Life (1946) filmaz gogoratu naiz. Gaztelaniaz ¡Qué bello es vivir! izena jarri zioten eta garai batean, urtero botatzen zuten Gabonetan. Berez, bankua jendearen proiektuak finantzatzen laguntzeko eratzen den enpresa izan daiteke. Diru apur bat dutenek sozietate batean biltzen dute eta ez dutenei maileguz ematen diete, euren proiektuak garatu ahal ditzaten.


ANUBIS 3.0, 28. orrialdea (Xabiroi 18. zenbakia)

Hala egiten zuen George Baileyk, James Stewartek antzezten zuen filmaren protagonistak, Bailey Building and Loan Association elkartean. Majo askoa zen George: dirutza egin beharrean, bere xedea Bedfrod Falls-eko jendea laguntzea zenez, ez zen bere zordunak baino dirudunagoa eta jasotzen zuen mozkin xumeak kontuak berdintzeko besterik ez zion ematen. Langile-klasearen ardura eta gaitasunarekiko konfiantzan oinarritutako erakunde bat zen hura. Capra maisuak George Bailey pertsonaiari Mr. Potter bankaria kontrajarri zion. Jendearen diru beharrak are gehiago aberasteko baliatzen zituen zahar xuhurra. Bankuaren eredua bankuen errealitatearen aurka. Egia da, ez gara bizi Bedford Falls-en.
 
It's a Wonderful Life (1946), Frank Capra. James Stewart eta Lionel Barrymore.

GEORGE BAILEY vs Mr. POTTER
Ez, ez gara bizi Bedford Falls-en, eta Geroge Bailey buru zuen sozietatea ez zen banku bat, Saving and Loan Association (S&L) delako bat baizik; alegia, hemengo aurrezki kutxen pareko erakunde bat. AEBko elkarte hauek hipoteka-krediturako kooperatibak izan ziren XX. mendeko lehen hamarkadetan sortu zituztenean; baina gerora, gehienak sozietate anonimoak bihurtu ziren, balore-merkatuetan errazago sartu ahal izateko. Goazen espekulatzera! Azkenean, betiko legez, Mr. Potter garaile. Baina dirudienez, gehiegi espekulatu zuten, eta 1980ko hamarkadan erakunde hauetako askok hondoa jo zuten. AEBtan, 1929ko depresio garaiaz geroztik, finantza kolapsorik handiena izan zen hura, eta 1999rako 150 mila miloi dolar baino gehiagoko kostua izan zuen.
Hala ere, ez omen dugu neurririk, ez eta ikasteko gogorik, eta espekulatzeko grina ere ez dugu galdu. Hamarkada bat beranduago, krisi handiago batean murgildu da AEBko finantza sistema eta, globalizazioa tarteko, mundu guztira zabaldu zaigu. Dirudienez, hala esan digute behintzat, hipoteka-kreditu arriskutsu ugari eman diote lanik eta ondasunik ez duen jendeari. Baina ez da hori okerrena -nire amets onenetan ere ez nuen espero bankuek jende txiroaren alde egingo zutenik, eta ez naiz orain hori gaitzestera etorriko-. Kontua da 20 milioiko etxe bat erosteko 30 milioiko kredituak eman dituztela, etorkizunean 35 balioko duen esperoan. Baina inflazio hori ez da gertatu eta mundu osoan zehar baliorik ez duten milioika pakete finantzario banatu dituzte. Gora espekulazioa eta neurririk gabeko kontsumoa!
 
ANUBIS 3.0, 32. orrialdea (Xabiroi 18. zenbakia)

Ondorioa: zoaz orain kreditu bat eskatzera! Azkenean, bankuarekin, beste hainbat gauzarekin bezala, gertuko harremana galdu egin dugu. Bankuak gero eta handiagoak dira eta gero eta globalizatuagoak, eta kreditu eskaerak onartzeko baldintza bakarra berme ekonomikoa izatea da. Inola ere ez berme pertsonala. Langilea, arduratsua eta esanekoa izateak ez omen du ezertarako balio. Baina, gaur arte, diruak ez du inor esaneko bihurtu eta esaneko jendeak bere ardura ekonomikoak betetzen jarraitu izan du nahiz eta diru falta izan. Jakin nahiko nuke zorrak ordaintzen ari ez diren horien guztien artean, zenbat ez ote diren dirudunak. Hipokresia kanpora: Gabon, gabon gabooon, dirua daukanari emon… eta besteak hor konpon.


ANUBIS 3.0, 30. orrialdea (Xabiroi 18. zenbakia)

ZILEGI AL DA DIRUTZA EGITEA?
Dena den, ezin ardura guztia bankuen gain utzi. Gu ere ez al gara espekulatzaile bihurtzen maiz? Begira bestela nolako arrakasta izaten duten sozietate piramidalek. Sekulako interesak eskaintzen dituzte, eta komisio mamitsuak banatzen dituzte koitadu berriak erakartzeagatik. Pozarren jasotzen ditugu irabaziak gero. Baina inork ez du galdetzen, edo ez du galdetu nahi izaten, ezerezetik nola sortu den etekin hori. Ez dugu galdetu nahi erantzuna begibistakoa delako: beste norbaiti jarri duena kenduz. Eta, tira, behin hasita, segi galdetzen. Zilegi al da dirutza egitea?
 
ANUBIS 3.0, 31. orrialdea (Xabiroi 18. zenbakia)

Dirua ez al da munduko baliabide naturalen abstrakzio bat? Azken finean, lur jabetza eta ustiaketa-eskubideen irudikapena da, ezta? Non bizi eta zer janaren neurria ematen duena. Haur Hezkuntzako ekonomia aplikatuz, horrek zera esan nahi du: norbaitek asko edukitzeko beste batek gutxi eduki behar duela, zeren eta banatzeko dagoen opila ez baita mugagabea. Opilaren erdia batek jaten badu, besteentzat apurrak. Bai, nire silogismo merkeen lehen emaitzetako bat da: dirutza egitea lapurtzea da. Beraz, Madoff kasua, Fórum Filatélico eta beste iruzur horietako batean kaltetuak izan zaretenoi: izorrai! Begirune handiz, baina, izorrai!
Capraren filmaren bukaeran George Bailey gaixoa hondoa jotzeko zorian dago, baina prestu joango zaizkio herrikideak etxera dirua eskutan, pilatutako zorrengatik espetxera ez dezaten. Ez dut uste Emilio Botini antzeko zerbait gertatuta, haren etxera joango garenik gure sosak ematera. Baina jakin ezazue horixe bera egiten ari garela. Espainiako gobernuak Grupo Santanderrekoa den Banestori, adibidez, 1301 milioi euroko laguntza eman dio. Beraz, damurik ez izan eta segi bala dialektikoak errukirik jabe jaurtitzen.
 
ANUBIS 3.0, 32. orrialdea (Xabiroi 18. zenbakia)


Lucio Urtubia anarkista nafarrak bankuei dirua kentzea berreskuratzea dela dio, inola ez lapurtzea. 18 milioi euro berreskuratu zizkion AEBko Citybank guztiahaldunari eta mundu osoko talde iraultzaileen artean banatu zituen. Harrapatu zutenean, kartzela ekiditeaz gain, diru gehiago eskatu zion bankuari bidaia txekeak faltsutzeko erabili zituen plantxen truke.
Aupa Lucio, ni zurekin!

Oharra: Ikus John Bird eta John Fortune umorista ingelesen parodia famatua. Ezin da hipoteken krisia hobeto esplikatu.

Sem comentários: